Badirudi koronabirusak munduko parte handi batean eragindako osasun-krisia ez dela oraingoz iritsi afrikar kontinentera –gaur, maiatzak 25, ospatzen da Afrikaren Eguna 2020– pandemiaren lehen egunetan iragarri zen indar eta intentsitatearekin batera.
Hala ere, munduko herrialde pobretuen kopururik handiena daukan kontinente hori ez da batere askatu afrikar Estaturik gehienek martxan jarritako konfinamendu neurrietatik eratorri den krisi ekonomiko eta sozialaren eragin itzeletik. Adituen iritziz, konfinamendu eta prebentzioko neurri goiztiarrak, biztanleriaren gaztetasuna eta lurralde afrikarren eta pandemiak gehiago eragindako beste herrialde batzuen arteko mugimendu txikiagoa izan dira eta gaur egun ere badira arrazoia pandemia kontinente horretan barrena oraingoz munduko beste leku askotan bezain gogor hedatu ez izana ulertzeko.
Afrika kontinente nekazaria da gehienbat, baina hainbat arazo ditu, besteak beste: azpiegitura eskasa, transakzioko kostu handiak, lurrerako sarbide mugatua, arazoak lurra edukitzeari dagokionez eta funtzionamendu urria merkatuetan. Gainera, horri gehitu behar zaio merkatu-boterearen kontzentrazioa eskala handiko parte-hartzaile gutxi batzuen esku.
Afrikako lehen sektoreak ezaugarri nagusi ditu ustiategi txiki eta familiarrak, eta horiexek ematen dizkiete mantenua eta enplegua Afrikako biztanleen bi herenei, FAOren arabera.
Kidenda gaur atxiki egin zaio Afrikaren Eguneko ospakizunari, eta bidezko merkataritza aldarrikatzen du kontinentean, pertsonen eta planetaren eskubideak errespetatzen dituen nekazaritza batean aurrera egiteko estrategia gisa. Bidezko merkataritza horrek aukera ematen du produktibitatea hobetzeko eta teknologian eta azpiegituretan inbertitzeko, bidezko ordainketa bati esker diru-sarrerak handitzeagatik. Eta talde ekoizleen arteko lankidetza- eta elkartze-egiturak sortzeagatik, gobernantza-prozesu horizontalago eta demokratikoagoak ahalbidetzen baititu.
2020ko maiatzaren 25 00:15tan
944792862 | Epalza alarguna, 6 | G95235784 |