Kidendak “Bidezko Merkataritzako ziurtagirien nazioarteko gida” aurkeztu du, Bidezko Merkataritzako Estatu-Koordinakundeak gaztelaniaz argitaratu duena. Argitalpen horrek Bidezko Merkataritzako produktuak identifikatzen dituzten zigilu nagusiak ulertzen lagundu nahi die kontsumitzaileei eta profesionalei, eta haien printzipioak betetzen direla bermatzen du.
Krisi ekologiko eta sozialaren aurrean, gero eta pertsona gehiago jabetzen dira euren kontsumoak giza mailan, ekonomian eta ingurumenean daukan eraginaz, eta erosketa arduratsuago baten bidez jardutea erabakitzen dute. Horren aurrean, Bidezko Merkataritzako Ziurtagirien Nazioarteko Gidaren helburua da benetan Bidezko Merkataritzakoak diren produktuen identifikazioa erraztea eta nahastea saihestea garapen iraunkorreko beste zigilu batzuk edo enpresa multinazionalen ekimenak ugaritzearen aurrean. Sektoreko profesionalei eta erakunde publikoei ere zuzenduta dago gida, produktu horiek erosteko edo lizitatzeko erabakia errazago hartu dezaten.
Bidezko Merkataritzako zigiluak produktuaren ontzian inprimatutako identifikazio-elementuak (logotipoak) dira, eta horiek egiteko jardueran funtsezko 10 printzipioak bete direla ziurtatzen dute. Horrela, ziurtapenek herritarren sinesgarritasuna indartzen dute Bidezko Merkataritzan, eta haien ikusgarritasuna bultzatzen. Gainera, tresna garrantzitsua dira mugimendu honek burutu nahi dituen helburuak lortzeko: merkataritzan aldaketak sortzea justizia ekonomiko handiagoa erdiesteko, Giza eta Lan Eskubideen errespetua bermatzea eta ingurumena babestea.
Gidak Bidezko Merkataritzaren 8 ziurtagiri nagusiak aztertzen ditu, nazioarteko merkatuan daudenak, hain zuzen. Horietako bakoitzaren ezaugarri nagusiak deskribatzen ditu, ebaluatzen dituzten ekonomia, gizarte, gobernantza eta ingurumen irizpideak, eskatutako betekizunak eta gauzatzen dituzten kontrol-neurriak.
Argitalpena osatzeko, "tokiko" deritzan Bidezko Merkataritzaren ekimen nabarmenenak aztertu dira, hau da, bakoitzaren barruan produktuak egin eta banatzeko Bidezko Merkataritzaren balioak hartzen dituzten hainbat herrialdetan gauzatutakoak. Azkenik, garapen iraunkorreko zigilu batzuk eta multinazionalek sustatutako ekimenak aztertzen ditu gidak.
2020ko irailaren 23
944792862 | Epalza alarguna, 6 | G95235784 |