KIDENDA

Hasiera

Justizia Sozialaren Munduko Eguna

Justizia Sozialaren Munduko Eguna dela eta –otsailak 20–, txosten hau argitaratu da: “Kakaoa hornitzeko kateen iraunkortasunerantz: erregulazio-aukerak EBrako”. Txosten berri horrek kakaoa ekoizten duten lagunen diru-sarrerak murriztu egin direla egiaztatzen du, merkatu globalak fakturazioa handitzen duen bitartean. Batez beste, kakao-ekoizleek jasotzen dute txokolate-tableta baten salmenta-prezioaren % 3 eta % 7 artean.

Kakao-lantzaileek lortzen duten diru-sarrera ez dator bat txokolate-fabrikatzaileek lortutakoarekin, horiek tableta baten azken prezioaren % 40 inguru jasotzen baitute, edo txikizkariek % 35 ia-ia. Goranzko joera dauka merkatu horrek, urtero % 7 hazten da, eta adituen ustez 162.000 milioi dolarrera iritsiko da 2024an. Diru-sarrera horiek, gainera, esku gutxitan geratzen dira: 3 enpresa handik soilik biltzen dute munduko kakao-prozesamenduaren % 60, eta 6 enpresak osatzen dute txokolate-kontsumoaren merkatu globalaren % 40.

Familien pobreziak beste arazo batzuk areagotzen ditu, hala nola haurren lana edo deforestazioa. Azkenik, txostenak hainbat neurri planteatzen dizkio EBri –Txokolatearen kontsumitzaile nagusia da–, kakaoaren hornikuntza-kate iraunkor eta gizatiarragoak bultzatzeko.

 

Europar Batasunaren erantzukizuna, munduko kakao-kontsumitzailerik handienarena

 

Europak munduko kakaoaren % 40 kontsumitzen du. Ondoren, AEBak daude, % 20rekin. Horren harira, inportazioari buruzko edozein erregulaziok eragin asko sortuko lituzke jatorrizko herrialdeetan. Horregatik, azterlanak Europar Batasunaren erantzukizuna nabarmentzen du, eta 8 neurri posible aipatzen ditu kakaoa hornitzeko kate bat lortze aldera; kate horrek giza eskubideak eta lan-araudiak errespetatuko ditu, bidezko prezioen ordainketa bermatuko du eta ingurumena babestuko du.

 

Gehiagorik jakin nahi baldin baduzu, deskargatu ezazu txostena. 

2020ko otsailaren 20